Mutrikuko blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/01/30 22:40:46.039 GMT+1

IP Bidezko ahotsa (II)

Artikulu honetan Skype-ri buruz hitz egingo det. Gai honi buruzko lehenengo artikuluan izandako erantzunean Aitibak esaten zidan VoIP programa aurkezterakoan, skype ez duzula erabiliko espero det . Sentitzen det, baina nere ustez Skype ezin da alde batera laga VoIP teknologia aztertzerakoan.

Skype zer den jakiteko hona hemen datu bat. Gaur astelehena da, gaueko 22:25 dira, eta nire ordenagailuan instalatuta daukadan Skypek esaten didanez, une hautan mundu osoan 4.355.724 erabiltzaile daude Skypera konektatuta.

Datu hau ezin leike alde batera laga besterik gabe. Skypek baditu neri gustatzen ez zaizkidan hainbat ezaugarri, baina esaerak esaten duen bezela: "al cesar lo que es del cesar"

Nik, beste askok bezela, VoIP teknologia Skype-ri esker ezagutu det.Skype softphone bat da, telefono deiak egiteko erabiltzen den programa bat.

Honelako programak erabiliz, telefono finkoetara eta mugikorretara ez ezik, beste ordenagailu batzuetara ere telefono deiak egin ditzakegu. Tarifak ohiko telefoniaren aldean askoz merkeagoak dira, eta hor erabiltzaileak dirua aurrezteko aukera on bat dauka.

Skype

Esan degun bezela, skype softphone bat da, azkeneko urteotan indar handia hartu duen software bat. Orain dela gutxi Ebay-k Skype erosi zuen, 2.090 miloi euro ordainduta . Ez dira bost pezeta ...
 
Euren web orrian esaten dutenez, 245.416.636 aldiz deskargatua izan da, eta zenbaki hori gero eta handiagoa da.

Alde onak:

  1. Oso errez instalatzen da. Lau klik eginda dena instalatuta. Edonork instalatu dezake.
  2. Plataforma guztietan dabil: Windows, Linux, MAC OS, Pocket PC. Nik instalatu eta probatu det Windows, Linux eta PDAn, eta arazorik gabe.
  3. Ez du huts egiten. Ez det esaten inoiz ez duenik huts egiten, baina normalean arazorik gabe funtzionatzen du.
  4. Doakoa da. Ez degu ezer ordaindu behar ordenagailutik ordenagailura deitzeko.
  5. Erabiltzen duen konpresioa ona da. Hau dela eta kalitate ona duten konexioak lortzen dira: 3-16 Kilobyte segunduko.
  6. Konferentziak egiteko aukera ematen du. Nik joan den astean 5 laguneko konferentzia baten parte hartu nuen, eta kalitatea ona izan zen.
  7. Suebakiak dituzten sareetan (bulegoak, enpresak) ez da ezer konfiguratu behar. Inork ezer egin gabe konexioa lortzen da.
  8. Posible da telefono finkoetara eta mugikorretara deitzea. Posible da baita ere konferentzia baten ordenagailuko konexioak mugikorrekin eta finkoekin nahastatzea.
  9. Ematen dituen erreztasunak direla eta, jende asko hasi da VoIP teknologia erabiltzen, jende askori teknologia honen bidea zabaldu dio.

Alde txarrak:

  1. Erabiltzen duen protokoloa ez da estandar bat, ez dago publikatua, eta inork ez daki zer egiten duten gure elkarrizketako datuekin.
  2. Ez dakigu dei pribatu baten esandakoak non geratzen diren, norbaitek grabatzen dituen. VoIP teknologian badaude protokolo estandarrak, baina Skypekoek nahiago izan dute beraien protokolo pribatua erabili. Zergatik ?
  3. Inork irakurtzen ez duen baina programa instalatzerakoan guztiok onartzen dugun lizentzia horretan esaten duenez, Skype martxan daukagunean gure konexioa erabili dezakete beste dei batzuen trafikoa gure konexiotik bideratzeko. Protokoloa eta programa itxiak direnez, ezin degu jakin zer ari diren egiten gure konexioarekin. Adituek probatu ahal izan dutenez, programak Interneterako trafikoa sortzen du nahiz eta une horretan gure ordenagailuan konferentziarik martxan ez izan. Zertan ari dira ?
  4. Protokoloa itxia denez, inor ezin ditu programa edo zerbitzu berriak diseinatu skypekin konektatzeko. Zerbait garatzen bada, Skype enpresakoek garatuta izango da.
  5. VoIPko beste programekin hainbat enpresa erabili ditzakegu telefono finkoetara eta mugikorretara deiak egiteko, hornitzaile asko ditugu, eta hori ona da. Skypekin ez. Skypetik telefono finkoetara deitu nahi badegu, skype-out erabili behar degu, Skype-ri ordaindu behar eta Skypekin eskondu behar. Konpetentziarik ez. Hau erabiltzailearentzat ez da ona.
  6. Skype erabiltzen degunean, kontu pertsonalak erabiltzen ditugu. Ezin degu enpresa baten zentralita moduan erabili, denok zentralizatua dagoen konfigurazio bat ezin dugu erabili. Bakoitzak bere konfigurazioa izan behar du. 100 langile badaude enpresa batean, 100 konfigurazio, 100 erabiltzaile, 100 kontu izan beharko ditugu.
Neri ez zaizkit gustatzen gauza itxiak. Askatasuna kentzen dizute.

Protokolo itxiak ez dute konfiantza sortzen. Agian ez dute ezer egingo gure datuekin, baina orduan zergatik ezkutuan mantendu ? Honi buruz asko idatzi da, hemen pare bat adibide

Agian pentsatuko dezu: baina neri zertarako espiatuko naute ? Ba igual bai, eta igual ez. Kuadrillako batekin daukazun elkarrizketa agian ez, baina laneko kontuetan, .....,  industri espioitza hor dago, eta ez da txantxa.

Frantziako gobernuak ikerketa zentruetan Skype erabiltzea debekatu egin zuen. Paranoikoak direla ? agian bai, baina ez det uste gobernu batek honelako erabaki bat ondo pentsatu gabe hartu duenik.

Ondorioak

Skype erabiltzeko erreza dan programa bat da, eta uste det merezi duela probatzea. VoIP teknologia zer dan ikasten lagunduko digun programa bat da. Instalatzeko eta erabiltzeko ez degu arazorik izango eta ikerketa zentru bat ez bagera, ez det uste inork gure komunikazioak espiatuko dituenik.

Baina hau horrela izanda, Skype ez da nire aukera. Ez zait batere gustatzen hainbeste sekretukin egindako teknologia bat erabiltzea, beste aukerak daudenean behintzat, eta zorionez, badaude.

Hurrengoko batean beste atal bat.

Nork: tolon.2006/01/30 22:40:46.039 GMT+1
Etiketak: teknologia voip | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Beste aukera batzuk aipatzearren:
VoipStunt programa erabili ezkero, 35 herrialdetako telefono finkoetara minitu bateko doako telefono deiak egin daitezke eta dirua sartu ezkero, minitu bateko muga ezabatzen dizute.
Helbidea: www.voipstunt.com da.

Nork: .2006/01/31 08:22:12.462 GMT+1

Idatzi artikulu bat