Itzuli albisteetara

XXV. Okelar anaiak sariketa

2009-12-17  ¦  Egilea:  Mutrikuko Bertso Eskola

Okelar anaiak bertsopaper lehiaketak baditu irabazleak. Ohiturari eutsiz, sari banaketa Santo Tomas azoka egunean burutuko da. Datorren zapatuan beraz.

Helduen mailan, Arrate Illarok izan da txapeldun, "Testamentua" izeneko sortarekin. Bigarren Xabi Astigarraga gelditu da "Zaharra zara Mutriku..." lanari esker. Lehen mutrikuarraren saria berriz, Juan Mari Agirrezabalagarentzat izan da, "Bizitzaren aldaketa" izeneko sortarekin.

Gazteen mailan Jone Alberdik irabazi du lehen saria, "Hurakana datorkigu" izeneko lanarekin. Bigarren Aitor Servier-Etchechuri gelditu da "Ez zaie axola haien erabakiak direla eta zer gertatzen ahal den" izeneko lanarekin.

Sari-banaketa ekitaldia zapatu honetan, abenduak 19, izango da, Goiko Plazako udaletxeko osoko bilkuren aretoan, eguerdiko 13etan. Aurtengo ekitaldia berezia izango da ordea, 25 urte betetzen baititu sariketak. Ospatzeko, beste bi ekimen aipagarri ere antolatu ditu Mutrikuko Bertso Eskolak. Sari banaketaren ondoren, “Okelar: ahotik paperera” liburu eta DVDaren aurkezpena izango da. Bi lan biltzen dira bertan, bata, Okelar anaiei buruzkoa, beren bizitza eta bertsoen berri ematen duena. Okelar anaien bertso saioak biltzen dituen DVDak borobiltzen du lehen lan hau. Bigarren zatian 25 urte hauetako bertso sorta irabazleak bildu dira, egileek idatzitako hitzaurre eta guzti.

Liburuaren aurkezpena eguerdiko 13:30etan izango da.

Ospakizunari behar bezalako amaiera, 14:30etan Lagun artea elkartean burutuko den bertso bazkariak emango dio. Amets Arzallus eta Jexux Mari Irazu arituko dira kantari bertan. Bazkaritarako sarrerak hiru lekutan eskura daitezke: Iņigo Belen argazkidendan, Osinalde harategian eta Subeltz tabernan.

« Erantzun