Olatzeko harana

Bizkaiarekin mugan, Arno mendigunearen bihotzean galduta eta arro itxiko harana osatuz, Olazko lurrek Ondarroa eta Markinarako bide zaharren azken sekretuak gordetzen dituzte.

Errekak ez dira zuzenean itsasoratzen ez eta Artibai eta Deba ibaiekin bat egin eta Kantauri itsasoan hiltzeko trokarteak gainditzen ere. Beren urak tradizioaren arabera sorginak gordetzen dituzten leizeetan sartzen dira eta hauen sakoneran itsasoko olatuen zartada entzuten ei da.

Gaur egun Olatzera joateko errepidea badago ere, Gipuzkoako haran ezezagunenetako bat izaten jarraitzen du honek.

Olatzera joateko errepidea sugeak bezala igotzen da pinu ugarien artetik. Alde bietara, mila zatitan txikiturik, Mutrikurako galtzada zaharra ikusten da. Sarrera ematen dion atakatik, kare harrizko murruek eusten dituzten bideak, bere zelai guztiz berdeak, horitzen hasiak diren artadiak, bere kare-harrizko sakanak eta bertan hazten diren astigar, lizar, gaztainondo, haritz eta zumarrak erakusten dizkigu Olatzeko haranak. Ameiko lepo aldera, bide zabala intxaurrondo sendoz apaindua agertzen zaigu.

Olatzeko eliza, gurutze latinozko oinplanodun nabe bakarreko tenplu txikia da eta zenbait erreforma jasandakoaren itxura du. Tenpluaren sarrerako dorrearen azpian dagoen ate sinplean Santa Anaren taila bereizten da.

Aldare Nagusian Andre Mariaren irudiaz gain, San Isidroren imajina da nabarmenena. Arruntasun handiko eta estilo arkaikozaleko mukulua dugu hau eta ezkerreko eskuan igitaia eta eskuinekoan aitzurra ditu. Gerrian errosarioa darama eta taila guztian tonu ilun ugari nabari daiteke.

Elizaren aurrean, erlojua eta burdinazko kanpandorrea duen dorrearen aurrean, Zelaieta baserria dago, bere horma gris eta portadako leiho zuri-berdeekin. Fatxadaren erdialdean, guztiz tinko, armarria eta kondairaz osaturiko "zu-burniya" zaharra jarri zuten.

Armarri inprobisatu hau estaitzen duen zilar koloreko pinturaren azpian ondorengo hitzak irakurtzen dira oraindik: "Vincet victus" edo "garaituak lortuko du garaipena". Haran itxi honetan sakabanaturik, batzuek besteak baino gorago ikusten dira baserriak; Aitzetxeberri, Aportatei-zulo, Aritzaga, Ube, Isasia, Patei-zarra,....

Haranaren goialdea Basarte mendiak zatitzen du eta hegalaren arabera "Olatz-goixa" edo "Olatz-beia" deitzen diote. Iparraldean Miruaitz mendiak Arnoetako ataketarako bidea ixten du. Arnorantz goazela, Urreistieta baserriak bere armarri zaharra erakusten digu ate gainean eta berau da 1962an baserria eraberritu ostean bizirik iraun duen azken aztarna.