Astigarribia
Deba ibaiaren urgako batean galduta, Astigarribiako auzoa Arno mendigunearen oinean dagoen
haran motzean zehar luzatzen da apalki. Astigarribiako ibia aspaldi geratu zen abandonaturik.
Hainbat faktorek, hots, zubiek, urtegiek, errepideek eta Debako hiribilduko itsas-portuak berak,
eragin erabakigarria izan zuten Astigarribiaren beherakadan.
Bere itsas-portua ospetsua izan zen, baina hartatik, harri handi batzuk besterik ez dira geratzen, solteak eta lokatzez beterik, Debaren ertzean ageri direnak, trenbideko hormaren oinean eta kare-harrizko gaitzara zaharraren hasieratik hurbil. Gaitzara hau, denboraren eraginik gabe, mendian gora doa oraindik Arnoateko lepoaren bila.
Kai haietako arrasto hauek oraindik "mallatxua" izenez dira ezagunak. Ibaiak menderatzen zituzten "ala" izeneko ontzi arinak ere ez dira dagoeneko Torre baserriaren aurretik igarotzen, korrontearen alde nabigatuz eta beren ontzietan Mendaro, Altzola, Elgoibar, Eibar eta Soraluzeko burdinoletan landutako tresnak eruanez.
Lacarra, Uria eta Vázquez de Pargaren teoriak, bide honi buruzko azterlan interesgarriari
bidea eman dio, non Astigarribiako leiho aurre-erromanikoa lehen mailako garrantzia duen
lekukoa den, San Andreseko parrokian zegoen estilo erromaniko berantiarreko Kristoa betiko
desagertu baita.
Izan ere, Kristo hau lapurtu izan ez balute, Santiago de Compostelarantz zihoan milurteko ibilbide horren bigarren aparteko lekukoa izan zitekeen.
Nolanahi ere, Torre, Etxezabal eta Jauregi etxeen berezitasunak, galtzadaren handitasuna eta Arnoko mendi-saihetsetan dauden hilarriak, leku honek Erdi Aroko garairik ilunenetatik izan duen garrantzi estrategikoa berresteko adina kategoria duten arrastoak dira.
Astigarribia, bere berezitasunagatik, Euskal Herriko arkitekturako bitxietariko bat dugu. Bere haranaren barnebilkuntzan, Compostelarantz zihoan ibilbide hura seinalatzen jarraitzen du.
Ibilbide hau Behobiako ibitik zetorren eta. Donostia, Orio, Zarautz, Getaria eta Itziartik igaroz
Astigarribiara heltzen zen eta Arnoko mazizotik Bizkaiko lurretan barruratzen zen Markina eta
Ziortzarako norabidea hartuz.
