Monumentuak
- Txurruka plaza, lehen Arriturriaga zena, gaur hirigune nagusiena dugu. Bere zilbor-zilborrean, Kosme Damian Txurruka eta Elorza, Trafalgarko heroiari jasotako irudia dugu. Oinarria Nikomedes de Mendibil arkitektoak egin zion, eta gaineko giza irudia Marzial Agirrek. 1865. urtean inauguratu zuten.
- Udaletxea, euskal eraikuntza-eredua jarraituz egina da. Puntu erdiko arkuak ditu azpiko aldean, sapailo luzea lehen solairuan eta bigarrenean simetrikoki jarritako ata-sapailak. Armarriak geroztik erantsiak dira.
- Jasokunde Ama Birjinaren eliza Neoklasikoa da. Silbestre Pérez arkitektoak egin zuen eliza honen
proiektua eta eraikuntza lanak 1803an hasi ziren, Kosme Damian Txurruka eta Elorza alkate zela.
Berak jarri zuen lehen harria eta berrogei urte ondoren amaitu zen, hau da, 1843an.

Eliza honetako otoitz-toki batean, Zurbaran pintoreari egozten zaion koadro bat dago. 80.hamarkadan aldare-atzean eta aldamenetan, Jesukristoren bizitzari buruzko irudi batzuk egin zituzten Iriondo eta Gabilondo artistek. Euskadiko oroigarri Nazional izendatuta dago.
- Galdona Jauretxeak osatzen du Txurruka Enparantza. Eraikin hau jasotzeko agindua Juan de Galdona y
Muñoz sevillarrak, 1685ean Santiago Ordenako Zaldun eta Mutrikuko Prokuradore izan zenak eman zuen.
Harlanduzko aurrea du eta lehen solairuaren parean bere armarria.

- Txurrukaren Etxea. Gaur egun etxe honen jabe Mutrikuko Kondea dugu; Txurruka hauen aurretikoa izan
baitzen. Etxe hau Gaztaneta Jeneralaren aginduz eraiki zen, aurrerago bota zuten Arrietatarren etxea
zegoen orube berberean. 1731. urtean bukatu zuten eta bere alargunaren egoitza izan zen. Gaztañeta
itsasgizon handia izan zen eta gainera, ondo eskolatutako ontzigilea eta beronen eredua jarraitu zuten
Espainian lurrin-ontziak azaldu arte.

- Aurrez aurre, kalearen beste aldean, harlanduzko etxe txiki bat aurki dezakegu. Honek Barroko tankerako armarria du, arburu eta buruoskolez.
- Zabiel Jauregia. XVI. mendeko etxe eredugarri honen eraikuntza, Jakobe Ibaseta jaunak agindu zuen 1577. urtean, Domingo de Apezzo eta Domingo de Oa harginekin taxutuz. Gaur egun Udaletxearen esku dago, eta Kultur Etxea da.
- Mutrikuko kondearen kalean aurrera eginez gero, amaieran,San Gil Kalean, ataburuan Txurrukatarren armarria duen hemezortzigarreneko etxe bat ikusiko dugu. Armarri hau Alfonso de Txurruka y Calbeton jaunak ezarri zion.
- Olazarra-Mizkia etxea. Etxe honetan nabarmenenak, harlanduzko aurrealdean, hiru solairuetako baikoi
luzeak, armarri handia, karela eta arotz-lana dira. Lucas de Olazarra y Mizkia Kapitainak agindu zuen
bere eraikuntza XVII. mende bukaeran, eta Galdona Jauregia jaso zuen etxegile berak egin zuen.

- Kale honi jarraituz, bukaeran, Zubiaga Enparantzarekin angelu egiten duen etxean, brontzezko bi ahateren ahotik ura darien iturria dago. Etxe honen lehen solairuan antzinako bi armarri ageri dira, eskuineko arburuan Gipuzkoako armak, eta ezkerrekoan Mutrikukoak.
- Montalivet Jauregia. Francisco de Iberoren zuzendaritzapean eta bere burubidez jaso zen, XVIII.
mendean; Barón de Oña zen Juan José Iturrizabalzaga Sanchez-Revata Montalivet y Fajardo jaunaren aginduz.

- Berriatua Dorrea. Gaur egun "Sulengua" izenez ezagunagoa dugu. Aho-jakintzatik jaso dugunez,
1553ko irailaren 18an, lehen aipatutako sutean zutik iraun zen bakarretakoa. Nahiz eta urteetan zehar
eraikin zatiak gehitu eta aldakuntza batzuk izan, oraindik bizirik gordetzen ditu arkitektura berezi
haren ezaugarriak. Hauen artean aipagarrienak: arku bikoitzeko sarrera eta arku konopialdun leiho bikiak.
Berriatua dorrea edo "Sulengua"ren jabe, Brígida de Berriatua zen eta etxeko andrea Isabel de Lobiano 1600. urtean. Hau Pedro de Idiakez jaunarekin ezkondu zen eta honela jabetza Granadako Dukearengana pasa zen.

- Berriatua honen jatorrikoak ziren harresitik kanpo zegoen Santa Katalina Komentua eraiki zutenak. Komentu etxe hau etxe zabala da eta Eliza sarrerako aurreko aldea eraberritua du.Azpimarragarria da bere aldare-buru nagusia, bertan Santa Katalinaren martirioa eta Jesukristoren gurutziltzatzea adierazten dituzten Flandiar eskolako Wandick eta Rechorest-en irudiak daude,1663.urtekoak.
- Luardo etxea.

