Hirigunea

Hirigunea, hirigintzari dagokionean, kaiaren arabera dago taxutua. Kaleek kairako norabidea dute eta portuan bukatzen dira. Bertan biltzen dira eraikin ederrenetako batzuk. Portuak ematen duen babesaren baitan, gotorleku bat eraiki zuten, baina gaur egun desagertuta dago.

Hiri-egituraketa nahaspilatu samarra da, itsasertzeko beste hainbat herriren antzera. Eragin nabarmena du honi dagokionez, hirigunea lekutzeko hautatutako esparruaren orografiak, itsasora iritsi arte malda bizikoa. Kaleak ahal bezala egokitzen zaizkio lurrari eta eskailera tarteak eta tunelak ugariak dira.

Sortzetik harresiz inguraturiko hiribildua izan da. Badakigu XVII. mendean bost ate eta defentsarako hainbat dorre zituela, baina Berriatuako dorrea dugu mantendu den bakarra.

Jaunen eraikinak ugariak dira eta aipagarrienak antzinako hiridorretxe ereduak, beren ezaugarri gotikoei eta guzti.

Badira, eraikin errenazentista, barroko, neokiasikoak eta bestelakoak ere. Estilo ugaritasun hau portuan ere begi-bistakoa da, XVI. mendeaz geroztik gaur egun arte etengabe burutu baitira berrikuntza eta handitze-lanak.