Sarrera

Mutrikuko herria Gipuzkoako itsasertzeko mendebaldean kokatuta dago, Euskal Autonomi Erkidegoan. Mendebaldera Berriatua eta Ondarroarekin egiten du muga, hegoekialdera Markinarekin, ekialdera Debarekin eta hegoaldera Mendarorekin.

Iparraldera Kantauri itsasoak bustitzen du Saturrarango eta Mutrikuko hondartzek osatzen duten itsasbazterra. Orografia oso malkartsua du, Arno menditik (608 metro) itsasertzera erliebe handiarekin jaisten da. Orografia berezi hau da Mutrikuk historian zehar izan dituen lehorreko komunikabide eskasen arrazoia, bere garapen ekonomikorako traba izan dena.

Landaretza hein handi batean intsignis pinuak eta beste konifera batzuek osatzen dute (1127 hektarea) eta herriaren %64 landaretza atlantiarrak betetzen du (artea, pagoa, haritza...). Inguruko paisaiaren edertasuna erakargarria da eskualdeko garapen turistikorako. Adibide bezala, Arnoko artadia daukagu, Europar Batasunak babesteko toki izendatu dueņa (Natura 2000).

Mutrikuko biztanleriaren gehiengo zabala euskalduna da, batik bat orografiaren eraginez jasandako isolamenduaren ondorioz beste herriekin izandako eriazio kulturala oso txikia izan delako.

Gaur egun biztanle kopurua 4817ra igo da, historikoki izan duen hazkunde naturalaren (jaiotzak heriotzak baino gehiago) eta etorkinen etorrera masiboaren eraginez, Gipuzkoa kostalde eta barrualdeko herriek bezala 30etik 70erako hamarkadetan baserri munduko eta inguruko herrietako etorkinen etorrera masiboa jaso baitzuen. Egun, etorkin bakoitzeko bi euskal herritar daude.