Sektore Ekonomikoak

Gaur egun, arrantza sektorea krisian dago, neurrigabeko harrapaketa eta arrantza-sistema desegokien ondorioz espezie tradizionalak gutxitzen doaz eta bestalde, flota, baliabideak eta azpiegiturak zaharkitzen. Gainera, belaunaldi berriek ez diote gurasoen lanbideari jarraitzen eta orain gutxira arte ez da inbertitu arrantza baliabideak eraberritzeko.

Honek guztiak gaur egungo egoera gainditzeko sektorearen berbideratzea eta laguntza publikoak ekarri ditu: Flota murriztu eta ontziak modernizatzeko, harrapaketak mugatzeko, arrantza sistemak arautzeko...

Ikuspegi horrekin, Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko portuak historikoki izan duen sarrera txarra hobetzeko eta arrantzontzi berrien beharrak asetzeko Mutrikuko portu berriaren proiektua prestatu du. Egitasmo honetan kirol portua ere aurreikusten da. Helburua, azken baten, etorkizunean ere Mutriku portuari lotutako herria izatea baita.

Nekazaritzak eta abeitzaintzak oso leku txikia izan dute herriaren produkzio-jardueran, familiaren biziraupenerako ekonomia izan dira, ez dute helburu komertzialik izan. Batik bat honako hauek landu izan dira; garia, artoa, gaztaina, mihilua, lihoa, babak, indabak eta sagarra. Hazienda nagusiena behiak izan dira eta artilea berriz, oso urria eta kalitate txikikoa.

Mutrikuko merkataritza kaiarekin eta kaiko jarduerarekin garatu da, Mutriku ez da inoiz merkataritzako gune izan lehorreko komunikabideen zailtasunak direla medio.

Kontserba-industria, arrantzak eta kaiko merkataritza-jarduerak emandako aukeren ondorioz jaio zen. Jarduera hau bigarren sektoreko garrantzitsuena da eta azken urteetan sektoreko lanpostu gehienak ditu. Baina, kontserba-industriak arrantza sektorearekin duen mendetasunaren ondorioz, azken honen krisiak ahuldu egiten du.

Sektore hau, bigarren sektorea osatzen duten gainontzeko jarduerekin batera pixkanaka-pixkanaka lanpostuak galtzen ari da. Horrela, 1991 .urtean %44,7ko okupazio-mailarekin lehen sektore izatetik, 1996an %39,6ko okupazioarekin bigarren izatera pasa zen zerbitzu-sektorearen atzetik, azken hau %31,1etik %39,6ra pasa baitzen.

Azken hamarkadetako industriaren gainbeheraren ondorioz, bigarren sektorea hirugarren sektoreak ordezkatze hau ia Euskal Autonomi Erkidego osoan jazo da, baina Mutriku ez da iritsi gainontzekoen mailara. Horrela, 1996an Mutrikuk %39,6 zuenean, eskualdea %40,3ra iritsi zen, lurralde historikoak %56,3ra eta autonomi erkidegoa %58,7ra.